Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_01.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_02.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_03.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_04.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_05.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_06.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_07.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_08.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_09.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_10.jpg Toneleria Dynamis latoneleriadynamis_11.jpg
Basotik ardoarekin bat egin arte haritzak bide luzea egiten du.

Zenbait irudi lagun eta ekoizpenaren fase bakoitzari buruzko deskribapen labur banarekin, gure lan egiteko modua azaldu nahi dizuegu.

Hasierako orrian gure aurkezpen-bideoa ikus dezakezu.
Barriken fabrikazioa basoan hasten da. Azaroaren erdialdetik martxoaren amaierara bitartean gure langile adituek barrikak egiteko haritzak aukeratzen dituzte. Kalitate goreneko haritzak izan behar dira: enborraren diametroa, zuntzen trinkotasuna, ziraren akatsak, adarrak egotea, hazkunde zuzena eta orekatua... asko dira kontuan hartu beharreko faktoreak.

Hautaketa zorrotzaren ostean, upa-oholak egiteko aukeratutako haritzak moztu egiten dira eta zerrategira eramaten. 120-150 urteko zuhaitzak dira.

Dynamis-eko lehengai guztia Zemplen mendietatik dator , batez ere iparraldera begira dauden magaletatik. Baso horiek estatuaren baso-ustiategiak osatzen dituzte. Hungariako Basoei buruzko Legea mundu osoko zaharrenetako bat da, gobernuaren kontrolak kudeaketa jasangarri eta arduratsua bermatzen du.
Haritz-sortak zerrategira eramaten dira eta arrailatzearekin batera upa-oholak egiteko prozesua hasten da. Arrailatzean jakingo dugu mendian ondo aukeratu dugun ala ez: haritza zuntzetan luzeka ireki behar da, zuzen eta garbi.

Enbor-laurdenak lortuta eta hondakinak kenduta, "dantza" bitxi bat abiatzen da: esku adituek piezak banan-banan jiratzen dituzte, behin eta berriro, ohol bihurtzeko. Oholak egurraren alderik nobleenetik datoz: pieza sendoak, malguak dira eta muineko erradioak azalerarekiko paraleloak dauzkate. Propietate mekaniko horiek ezinbestekoak izango dira haritzak sua topatzean. Hori baino lehen, baina, 2 edo 3 urte igaroko dira.

Prozesu osoan -mozten denetik barrikak muntatzen diren arte- trazabilitatea aplikatzen dugu upa-ohol bakoitza nondik datorren, zein egunetan moztu eta egin zen jakiteko.
Denbora funtsezkoa da haritza ontzeko. Eguzkiak, euriak, haizeak eta mikrobioen lanak zura eraldatzen dute aire irekian dagoen bitartean. Gutxika, hezetasuna galduz doa; euriak hainbat substantzia arrastatzen ditu -zapore mingotsa duten tanino eta kurnarinetako batzuk, besteak beste-, onddoak zeluletara sartzen dira eta prozesu enzimatikoak eragiten dituzte. Zapore idorgarria duten azido eta konposatu asko lurrin-konposatu askoz ere atseginagoak bilakatzen dira.

Haritzezko oholak pilatu egiten ditugu, airea behar bezala dabilela bermatzeko eta aire irekian lehortzen ditugu 24 edo 36 hilabetez. Ontzea homogeneoagoa izan dadin, aldian behin oholak lekuz aldatzen ditugu piloan.
Ohola kanpoaldean atseden hartu eta ontzen diren bitartean, upelgindegian ez dago etenik. Dagoeneko aire irekian ondutako ohol-pilak heltzen dira, muturretan arrailak dauzkatenak kentzen dira eta kalitate-kontrol zorrotza egiten zaie. Doitasun handiko makinekin oholak lantzen dira, upa-ohol bilakatzeko. Upa-oholek alde, ertz eta angelu guztiak barrika muntatzean behar bezala bat egitea lortzeko moduan osatuta izan behar dituzte.

Gure maisu upelgileek makinei txanda hartzen diete berriro eta lan artisauari ekiten zaio: barrikak armatzeari, hain zuzen. Upa-oholak uztai baten gainean muntatzen dira Hungarian "gona" deitzen dugun kono perfektua osatu arte. Behin muntatuta, barrika haritz-egurrezko sutara doa eta barriken muntaketa-prozesuaren faserik ikusgarriena hasten da: heztea. Suaren eta uraren baterako ekintzak zuraren tenperatura eta malgutasuna gutxika handiagotzen ditu. Upa-oholak malgutasun handieneko puntura heltzen direnean gutxi eta gutxi tolesten hasten gara, prentsa pneumatiko baten laguntzaz, barrikaren amaierako makotzea lortu arte.

Heztean, sua eusteko upa-oholek eman dizkiguten enborren hondarrak besterik ez ditugu erabiltzen. Hala, barriken barrualdea txigortzeak berezkoak dituen lurrinak hartzen hasten da.
Txigortu eta gero uztaiak berriro doitu behar dira, eta hondoren muntaketa hasten da. Barrikaren bi muturretan arteka bana torneatzen da eta alboetako upa-oholak errematatzen dira, alakan. Alboetako upa-oholen eta hondoen arteko elkarketa bikaina bermatu behar da, balizko isuriak saihesteko.

Ahoa erre egiten da zuraren zuntzak ixteko eta ehunek ardoak ontzen diren bitartean likidoak xurgatzea ekiditeko.

Oraindik ere barrikaren amaierako estetika lortzea falta da: kanpoko azalera osoa lixatzen da eta behin betiko uztai galbanizatuak muntatzen dira, bere errematxe eta guzti.  

Barrikari, amaitutakoan, kalitate-kontrol zorrotza egiten zaio: upa-ohol bakoitzaren egoera, barrualdearen bikaintasuna egiaztatzen ditugu eta estankotasun-froga egiten dugu, presiozko urez, isuririk ez dagoela bermatzeko.

Behin kontrol guztiak igarota, nahi den izena eta logotipoa grabatzen dira, laser-teknologiaz. Barrikak gure bezeroen nahierara pertsonalizatzen ditugu.